Guzti honetarako, gure eskolek paretetatik kanpora leudeken beste sistemekin etengabeko kontaktuan egon behar dute, familiak, herri erakundeak, elkarte eta hezkuntza ez formalean eragin dezaketen talde ezberdinekin hartu eman eta elkarlanean arituz. Herri eskola bat izanik, herriarekin eta herritarrekin batera jardun nahi dugu ikasleen garapen pertsonalean ahalik eta aurrerapen handienak egin asmoz.
Eskolan parte hartzen dugun guztion interakzioa aberasgarria dela pentsatuz, komunitate guztiaren elkarrekintza bideratuko duen antolaketa bat egitea hobetsi dugu, eskola ireki eta parte hartzailea eratuz.
Eskola Txikietan txikitasuna mantendu nahi dugun ezaugarri propioetako bat da. Argi daukagu txikitasun kualitatiboa soilik dagoela gure eskura. Izan ere, txikitasun kuantitatiboa, herrietako biztanleen hazkundearen eta galeraren baitan dago ia osoki.
Gutxi izateak ematen dituen abantailak kontuan harturik, ezaugarri horiek mantendu egin nahi ditugu, babestu hazkundearen momentuetan ere, gure izaera propioa tamaina horrek sortzen dituen erlazio sozial zein naturalek ematen digutela uste baitugu.
Gutxi izateak sortzen du elkar ondo ezagutzeko aukera, elkarrekin begirunezko harreman bereziak sustatzeko aukera, batak bestearen berri xehetasunez, eta behar denerako, jakiteko aukera. Horri esker, gure eskola komunitateko kideak kolektibo baten partaide bezala zaindu ditzakegu, baina, zenbait momentutan behar indibidualak zainduz, erabakiak guztientzat egokiak izango diren edo ez ahalik eta ondoen pentsatuz.
Txikitasunak izateak ematen dizkigu, baita ere, inguru naturalarekin harreman zuzenagoak izateko aukera amaigabeak. Gure testuinguru naturalak, gure eremu geografikoa ikasteko iturri amaigabea izan daiteke Eskola Txiki batean.
Txikitasunak lagun, antolaketa eta erabakiak malgutasunez hartzeko jarrera eta ohitura sustraitu behar dugu berriro ere Eskola Txikietan.