Nor gara?

Adunako Herri Eskola, eskola publikoa eta euskalduna da.

Eskola, herriaren erdian kokatuta dago, parkea, kirol pista, frontoia eta herriko plaza inguruan daudelarik. Udaletxea, herriko ostatua eta elizarekin batera herriko erdigunea osatzen du.

Haurrak eremu zabal horretan autonomia handiz mugitzen dira, herrian segurtasuna sentitzen dutelako. Lasaitasuna sumatzen da, naturaz inguratuta dago, animalia batzuk bertatik ikus daitezke; honez gain, trafiko gutxi dago.

Herri txikia izanik, biztanle gutxi dago eta elkar ezagutza handia da, honek dakar ikasleak babestuta sentitzeaz gain, badakite zerbait gertatu ezkero edonork lagundu dezakeela.

Herria euskalduna da, UEMA mankomunitatean sartuta dagoen arnasguneetako bat da, nahiz eta, kanpotik etorritako askoren eraginez apur bat erdaldundu.

Familien egoera sozio-ekonomikoa erosoa da orokorrean.

Gure eskola txikia da, 50 ikasle inguru. Hauek 5 geletan banatuta egon arren askotan elkarrekintza bultzatzen da. Urtean zehar hainbat jarduera, “tailerrak” , egiten ditugu adin aniztasun hori bermatzeko. Eguneroko praktikan oinarria talde lana da eta bertan ikaskuntza kooperatiboko estrategiak erabiltzen dira. Burutzen diren jarduerak, ez daude testu liburuetan oinarriturik, proiektua deritzogun ardatz komun bat daukate eta horren inguruan eskola osoak curriculuma garatzen du. Inguruan dauden baliabide naturalak eta bestelakoak ere txertatzen ditugu eskolako eguneroko praktikan. Baita ere bultzatzen dugu guztion parte hartzea: ikasle, irakasle, guraso eta komunitatea. Herrian integratua, herriarekin eta herriarentzat lanean diharduena.

Gurasoen inplikazioa ere handia da: haien ezagutzak konpartitzeko, gaien inguruko materialak eskolara eramateko, zenbait jardueretan parte hartzeko…

Euskara da bizitzan esparru guztietan erabiltzen dugun hizkuntza, baina gaztelera eta ingelesari ere garrantzia ematen diegu, ikasle eleanitzak bihurtzea nahi baitugu.

Giro lasai eta baikorra sumatzen da, lehen aipatu ditugun aldagaiengatik elkar babesteko, elkarri laguntzeko eta zaintzeko joera dute ikasleek. Ikasle-irakaslekiko harremana ere zuzena, errespetuzkoa eta konfiantzazkoa izaten da.

Ikasleen iritzietan leku dibertigarria eta aldi berean asko ikasten den tokia da gure eskola

EGUN OSOKO ORDUTEGIA

Goizez: 9:00etatik 12:30etara.
Arratsaldez: 14:30 etatik 16:00etara.

ORDUTEGI JARRAIA

9:00etatik 13:00etara