Gure eskoletako ikasleek herri edo auzo horren pertenentzia, atxikimendu eta parte-hartze sentimendu indartsua lortzea dugu helburuetako bat. Umeengan herriarekiko erroak eta lotura estua sortzea beharrezkoa du herri batek bere oraingo eta etorkizuneko izana ziurtatzeko.
Horretarako beharrezkoa da maisu-maistrok herriari begiratzea, non gabiltzan eta non gauden ulertzea, eta geure ikasleak non bizi diren, nongoak diren, bizi diren leku horrek eurengan duen eragina behatzea, aztertzea eta ulertzea. Hori eginez, haur bakoitzari ematen diogun hezkuntza eskaintza hobea izango da; hobeto iritsiko gara behar duen hori ematera, baldin eta, bere bizilekua, ingurua, inguru horretako pentsaerak, bizipenak eta sinismenak ulertzen baditugu.
Ez dugu lo-leku idilikorik nahi, herri eta auzo txiki biziak nahi ditugu. Biziak eta bizitzeko modukoak. Sinesten dugu herri-bizitza duten herrietan; lanbidea, ogibidea izateko aukerak sortzen dituztenetan; naturarekin errespetuan bizi diren herrietan; eta hori guztia bultzatzen duten komunitate kohesionatuetan.
Landa-eremuko herri eta auzoetan kokatzen gara. Landa ingurunean mendeetan zehar sortu eta garatutako jakintza, kultura, balio eta tradizioak etorkizunerako oinarri ditugu. Ezin dugu herri txikien etorkizunik eduki lehen sektorerik gabe, gure baserri, abeltzain, artzain, nekazari eta laboraririk gabe; eta beraz, guzti honek dagokion lekua izan behar du gure Eskola Txikietan.
Landa eremuko herri eta auzo txikiak euskal kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile izan dira. Euskararen arnasgune nagusiak herri eta auzo txikietan ditugu eta honek horrela jarrai dezan lan egin behar dugu Eskola Txikietan.
Ukaezina da ordea, landa-eremuaren eta gure herri eta auzo txikien identitatea eta hizkuntza errealitatea asko eta azkar aldatzen ari direla, eta beraz, baita gure eskoletako errealitatea ere. Momentu honetan Landa Eremuak dituen erronketako ugari izaerari estuki loturiko gaiak dira. Eskola osatzen dugun kideok Landa Eremuaren parte eta partaide garela sentitu behar dugu eta identitate berri horren eraikuntzan aktore inportante izan behar dugu.