Adin aniztasuna da Eskola Txikion hezkuntza ikuspegiaren oinarrizko elementuetako bat. Eskola Txikien ibilbide historikoan etengabe landu, aztertu eta eztabaidatu den gaietako bat da. Garrantzitsua da adin aniztasunaz dugun definizioa gaurko momentura ekartzea, izan ere, duela urte batzuetatik hona, gazteenek zaharrenengandik ikasten dute eta zaharrenek gazteei lagunduz sakondu eta errepasatu egiten dute esatea aski sinplea geratu dela esan genezake.
Adin aniztasuna ezaugarri duen eskolak, aniztasuna aberastasuna dela uste duenak, indibidualtasunak ulertu behar ditu, eta horrek, ikas prozesu eta curriculumarekiko ikuspegi propio bat izatera behartzen gaitu. Ikas prozesuak, curriculuma garatzeko egin behar ditugun ibilbideak pertsonalak dira, bakoitzarenak, intransferibleak. Horretarako, beraz, egoera anitzak eskaintzen ahalegindu behar dugu eskolan, bakoitzak bere ibilbide akademiko curricular hori egin dezan. Eta horretan ez dago denbora zehatzik. Eta denbora zehatzik ez dagoenez, ez dago adin bati dagokion jakintzarik, abileziarik, ikasteko gairik… Beraz, adin aniztasunak, ikas prozesuen pertsonalizazioa ulertzeko, onartzeko eta aprobetxatzeko bideak ematen dizkigu, eta gure saiakera horiek ahalbidetzea da.
Denbora ere pertsonalizaziotik ulertzen saiatu behar dugu. Bakoitzak bere denbora beharko du prozesu horretan, batzuk asko, beste batzuk gutxi, baina irakasle eta familiek hori ikusi eta onartu egin behar dugu, denborak azkartzearekin ez baitugu mesederik egiten
Adin aniztasunak, aukera ematen digu, adina ahazturik, ikas prozesuaren momentu beretsuan egon daitekeen edonorekin elkartzeko. Honetarako, taldekatzeek malguak izan behar dute.
Eta edonorekin elkartzeko eta aritzeko aukerak interakzioa areagotu egiten du, ikas prozesuak sakontzen ditu, haurrek elkarrekin batera ikasteko bideak zabaltzen dizkigu eta hori ere adin aniztasunetik begiratutako eskola baten ezaugarri bat behar luke.
Amaitzeko, kooperazioa sortzeko aukera ugaritzen da. Adin aniztasunak ikas prozesu anitzak egon daitezkeela, denbora ezberdinetan eginak eta interakzio ezberdinetatik sortuak ulertzen laguntzen digunez, ikasleen arteko konpetibitatea gutxitu eta kooperaziorako bideak irekitzen ditu.